XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Belatarrak nori bidali zizkion idazkin haiek? Ana Albretekoaren Valet de Chambre zen De Gramont kunteari, ala bera bezala zuberotarrak ziren aldetik, Tartas-i edo Tardets-i?

Orrialde hauetara ekarri dugun testua, osorik dagoen kronika bakarra da; bertan, Jacques de Bela-k protestanteen higanaut eta katolikoen arteko gerlak Zuberoan nola amaitu ziren kontatzen du.

Orrialde bateko bazterrean, zer idazkin zen gogoratzeko bezala, letra txikiagoz honakoa idatzia zuen:

Izar Beltzaren urtea.

1

Olde handietan joanik, Zalgize eta Montory-ko higanautak furfuriaturik sartu ziren Mauleko Andre dena Mariaren elizara; kurutzeak, sainduen irudiak, elizako kaiderak, kaperetako ateak hautsi eta zolara iaurtiki zituzten haizkora edo aitzurrez, eta oraino aldarea bera, bateiu harria nola leihoetako berineria koloretsuak;

ondarrak elizaren erdian bildu ondotik su eman zioten meta hari, eta hain zuten su handia egin, bada, ontzi sakratuak eta beste urreak urtu ziren; alta bada, ez zen abarizia elizara eraman zituena.

Bainan Mauleko populu katolika karriketara ilki zen, eta ezaguturik su hura zertatik etorria zen, haizkora eta ganibet, ahal zuenak zizpa edo pistoletak harturik, fite hurreratu ziren elizaren ingurura, apez, kalonje eta bereterrak guztien aitzinetik.

Buruz buru ihardukatu zuten gero, eta bortizki, arik eta Monein jauregiko jaunak Pierra Elgohien higanauta bizkarrean kolpatuz erhan zuen artino;

lurrean zetzalarik Monein-ek burua moztu zion, eta haga baten muturrari eratxekirik, Jainkoaren izenean elkar erhaiten ari ziren haien gainetik erakutsi zuen.